imprimir
Tester sistema bezala.

Tester sistema bezala.
Tester "Plug-in" bezala.
Tester Software bezala.
Tester Interface bezala.

1. "Kale berriak" (Tester Sistema bezala).
Tester abian jartzen ari zela, leihotik kale berria ikusi dugu eraikitzen eta atontzen. Prozesu gaitz honetan hainbat hodiera ezarri dituztela ikusi dugu, altuera ezberdinetakoak, lodiera ezberdineko tutuak eta kolore ezberdineko hodiak dituztela. Kolore bakoitza saneamendu sareari, gas naturalari, ur-korronteari, telekomunikazioei, sare elektrikoei eta abarri dagokio.

Hodiera hauek guztiek bat egiten dute lehendik abian zeuden beste batzuekin. Hartara, sare zabalagoa osatzen dute.

Honako metafora hori -sare batek beste sare zabalago bat osatzea- gure proiektuaren justifikazio "estrukturalerako" eta literariorako baliatzen dugu. Honako prozesuaren behaketa sakonak, berriz, hainbat aieru, argudio eta interferentzia bideratzea eta proposamenari ñabardura berriak eranstea ahalbidetu digu.

Gremioen arteko koordinazio edota deskoordinazioa, lanbide-prestakuntza, lanaren behin-behinekotasuna, lan sistema, arlo pribatua eta publikoaren arteko harremanak, kaltetutako auzokideekiko harremanak auzoko eguneroko bizitzaren bitartez...

…adierazten digute sistema batean sartzen den edozein elementuk sistema bera berraztertzera behartzen duela, nolabait. Eta, azken batean, bera berritzera. Izan ere, adar eta jario berriek funtzionamendu egoera berriak baitakartzate berekin.

Leihoak eskaintzen digun egoera honen aurrean, hodieren inguruko guztia eta "testuinguruko harremanak" bezala uler litekeena, lotura ideia garatzeko oinarri diren funtsezko alderdiak direla antzematen dugu. Azken batean, Tester proiektuak bere plangintza osatuko duten funtsezko alderdiak.

2. "Pilota berriak" (Tester "plug-in" bezala).
Era guztietako desadostasunak azaleratzen dira artearen ikuspegi ezberdinak eztabaidagai duten bileretan. Horrek garbi egiaztatzen du diskurtso sortzailea oinarri duten berbaldien subjektibotasuna.

Testuinguru sozio-politikoak lehentasuna duenean artearen eztabaidan eta egoera zehatzen azterketa azpimarratzen bada, eremu berrien aurrean gaude. Berauek, artean "jarduteko era" jakin batzuen bidez liluratzen erakusten digute.

Sortze-lana zenbait egoerei eta testuinguruei buruz ezagutzeko edo hausnartzeko metodoa delako ustea duenarentzat, botereak gaur egun hartzen dituen formen gaineko ikuspegi kritiko eta garbia beharrezkoa dela uste duenarentzat, lehentasuna du errealitatera tokian tokiko kultur eremuen bidez hurbiltzea, azterketa sakonak egitea ahalbidetuko baitigu horrek...

Egoera hori sakon bizi izan genuen Donostian egindako nodoen bileran (2003ko azaroa).

…Izan ere, bertan Julio Medemek zuzendutako "La pelota vasca" film eztabaidatuari buruzko iritziak entzun baikenituen. Euskal gatazka politikoa du hizpide delako filmeak, hainbat testigantzen bitartez azaldua...

Egoera horretan berehala antzeman genuen filmea eta, ondorioz, Euskadi gaia eztabaidatzen ari zen unea (guk tentuz deskribatutakoa da) azterketagai kilikagarri bilakatu zela eta gatazka, mikro-politiken, abertzaletasunaren, globalizazioaren eta abarren ideiei lotutako "input" sortzaileen iturri agertu zela.

Egoera horren behaketaren ondoren, ardura nagusitu zitzaigun, beharbada era kezkagarrian bizitua izan baitzen. Hori ez zen izan gaiari informazio edo irizpide garbirik gabe heltzeagatik gertatu (Testerrek uste osoa izan du beti gure solaskideengan), ildo honetatik abiatuta proiektuak formalizatzea anekdota hutsa bilaka zitekeelako baizik. Horrek oztopatu egingo luke gure ustez proiektuak berez zuen eta daukan ikusmolde politikoa.

Lehenengo maila batean, Testerrek artearen mekanismoan bertan era politikoan jarduteko konpromisoa hartu du, ekoizteko ohiko formulak zalantzan jarrita. Ildo horretan, artea oinarri duen harremanen sisteman eragiteko asmoa du, eredu hierarkikoak zalantzan jarrita, komisarioen kontzeptua ezabatu nahirik, proiektua ildo nagusiak eragindako eremu mestizo eta nahastuetara zabaldurik.

Bigarren maila batean, Testerrek (Rodríguez Fundazioaren eta Artelekuren proiektua den aldetik) jaio den eta bizi duen testuinguruaren nazioarteko erreferentzia izateko ardura hartu du. Hemen lekutzen den "patho-politika" auzia hainbeste ñabarduraz zipriztindurik dago, alderdi askotan hedabideen nagusitasuna bazter utzi nahi dugu eta gure jarduna gu zer garen, zer nahi dugun edota zer egiten dugun ispilu izatea da gure asmoa. Gure berezitasuna ezertan ere behartu gabe.

Hirugarren maila batean, pribatuagoa beharbada, Tester proiektua gure ibilbidearen une jakin batean iritsi da: bertan, jabetzen hasiak gara zein erabakigarriak diren politika kulturalak.

Urteetan politika kulturalen kudeaketa artea eta gizartearen arteko banaketa eragiteaz gain, aintzat hartzekoa da eredu horrek berak beste praktika batzuk ezagutaraztea eta kontraeredu zenbait oztopatu izana. Horiek, garai ezberdinetan eta era askotan, arlo publikoan aldaketak bultzatzea nahi izan dute, eremu kulturaletik arlo publikoaren alternatiba edo oposizio gisa agertuta, gizartean eragin nabarmenagoa izanda...

Tester tokian tokiko politika kultural jakin batean txertatzen da. Baina bera abian jartzeak berak beste maila batean aritzea dakar berekin, beste era bateko konpromisoen baitan.

Aparteko maila politikoa erakusten du Tester proiektuan esku hartu duten nodoen artean lortutako komunikazioak. Asko du erakusteko oraindik balore horrek honako orri hauek argitaratu ondoren.

3. "Plagio utopikoak" (Tester Software bezala).
"Plagio utopikoak, hipertestualitatea eta ekoizpen kultural elektronikoa"-k Critical Art Ensemble-ren (1*) "The Electronic Disturbance" liburuaren 5. atala da.

Teknologia berrien alde kulturalarekin lotutako bibliografiak eremu beretsuko, zabalkuntza filosofiko eta sozialeko aukera zabala eskaintzen du. Berauek desjabetuak, alderantzikatuak, errentagarriatuak eta goraipatuegiak izan dira ia entsegu-generoa izan zitekeena premiaz eraikitzen ari zen bitartean. Haatik, sorkuntza artistiko berria gidatu duten irakurketetako batzuek behar-beharrezkoa dute berauek zabaltzea, gaurko gertakari kulturala benetan ulertua izan dadin.

Critical Art Ensemble-ren testua plagiatzeko duen arriskuaren aurrean, nahiago izan ditugu zati batzuk hautatu. Horietan Testerrerako nahi genituzkeen zenbait atal antzeman ditugu. Harro gaude eskuratzeko era honetaz eta ageri-agerian adierazi nahi dugu plagioak ukatu egin duela historian zehar testu bat lehenestea, mito espiritualak, zientifikoak edota beste mito legitimatzaile batzuk erabilita. Plagiatzaileak objektuak berdinak direlako ustea du eta horregatik beragatik fenomeno guztiak maila berekoak direla. Testu guztiak erabiltzeko eta berrerabiltzekoak dira. Horixe bera da anarkiaren epistemologia. Horren arabera, plagiatzailearen iritziz zientziak, erlijioak edota bestelako erakunde sozialek eremu pribatuko haraindiko ziurtasuna eragozten badu, hobe da ahalik eta interpretazio kategoria kopuru gehien duen kontzientziaren jabe izatea.

Orainak plagioaren ideiaz gogoeta egitea eta aintzat hartzea eskatzen digu. Bere funtzioa teknokulturan apenas tokia zuen ideologia batek gutxietsi izan du denbora luzean. Jarrai ditzatela originaltasuna, jenialtasuna eta egiletasuna kontzeptu erromantikoak, baina ekoizpen kulturalerako, baliagarriak diren beste alderdi batzuen gaineko pribilegio berezirik gabeko elementu gisa. Bada garaia birkonbinazioaren metodologia era irekian eta ausardiaz erabiltzeko, gure garaiko teknologiaren mailan egoteko.

Era honetan eta plagioa ideiaren bitartez, Tester proiektuak libreki zabaltzea du xede, behin eta berriro inplementatua den software gisa, kode irekikoa eta disgregazio etengabekoa. Honako softwareak aukera sortzaile berriak ahalbidetuko ditu hainbat komunikabideren lan-tresnen bitartez.

4. "Tokian tokiko eremuak-entzuleria globala" (Tester interface bezala).
Gure inguruko sortzaileak Tester proiektuan (nodo gisa) esku hartzera gonbidatzeko unean, proiektuak duen neurriaz gogoeta egin dugu eta ,era berean, Testerrek kritikatzen duen arte garaikidearen ajeak eta okerbideak bazter utzi beharko lituzkeen proposamenak dituen irtenbideez.

Egoera honetan berriro saiatu gara gure ardura ezereztatzen, aurrera biderako grina kilikagarriak bultzatuta. Proiektu hauek guztiek (2*) dute, lehenik eta behin, tokian tokiko funtsezko ezaugarri bat. Beren bitartez, lehen azaldu dugun bezala, proiektatu egiten gara (gu geu eta gure proiektu sortzailea) gure xedea eta ibilbidea taxutzeak duen norabide politiko batean.

Era berean, proposamen kolektiboak dira eta harreman berriak bilatzen dituzte, sortze-laneko formula eta diziplinen arteko zubi eta tunelak eskainita.

Hautaketa honen bidez, gainerako proiektuekiko interface bat bilatu dugu; asmoa izan dugu, dagoeneko, argia ikusten ari den proiektuaren ikuspegi nagusi bati bidea emango dion leiho azkarra irekitzea, beti ere era malguan, beti mugimenduan...

Oharrak.
(1*) (Autonomediak argitaratua,1994 POB 568 Williamsburgh Station, Brooklyn, NY 11211-0568 USA eta Paloma García Abad-ek gaztelaniara itzulitakoa).
(2*) Honako proiektu hauei buruz ari gara: "Difusión de X-Evian" (Leioako hacklab), Kirmen Uribe + Isdeo eta Iñaki Arzoz + Andoni Alonso.

BÚSQUEDA:
ÍNDICE_DE_TEXTOS:
El contenido de este sitio es "copyleft" bajo licencia Creative Commons.
Para las imágenes y vídeos: Attribution-NonCommercial-ShareAlike 1.0.
Para los textos: Attribution-NoDerivs-NonCommercial 1.0.
Powered by: Movable Type.